Historia

Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana, eta konkretuki Autonomi Elkarteko Haur eta Lehen Hezkuntzakoetan, nahiko lanbide gaitza gertatzen da. Izan ere, giza eta profesional-mailan ematen zaion garrantzia eta lan-sari eskasak dira. Horrez gain, zuzendariak duen konpetentzia-maila ez dator bat gizartetik, Administraziotik eta eskola komunitatetik bertatik eskatzen zaizkion ardura eta eskakizunekin.

Beste alde batetik, badago ikastetxeetan erakundearen barrura begiratzeko joera naturala, non giza-partaidetza oso murriztua gertatzen baita, gurasoena barne. Eskolatik at burutzen diren harreman bakarrak administrazioekin gauzatutakoak dira, funtsean Hezkuntza Sailarekin eta dagokion Udalarekin; kanpoko harreman hauek menpekotasun senak markatzen ditu, kontutan harturik eskolak, orokorrean, garatzen duen kudeaketa maila urria.

Dimensio bertikal hau alde batera utzita, harremanak gero eta murritzagoak dira aholkularitza mailan, PAT-en inguruan, eta orain dela gutxi arte ikastetxeen artean harremanik ez dela izan esan daiteke. Halaber, dimensio horizontalean harreman maila hutsean kuantifikatu beharko genuke. Sare Publikoa esaten dugunean ez dugu egirik esaten, eskolaren kanpo-harremanak guztiz fokalizaturik baitaude erdigune bakar baten inguruan, hots, indar grabitatorioa kontzentratzen duen objetua, Administrazioa.

Hutsune nabarmen hau betetzeko asmoz sortu da Topaketen proiektua, eskola publikoaren zuzendaritza alorrean mugitzen den jendea harremanetan jartzeko. Eta bigarren momentu batean SAREAN Elkartea eratu da, ekimen honi eta honen hedapenez garatzen ari diren beste batzuei oinarria emateko.

1.996ko maiatzean Zarautzen lehenengo aldiz bildu ginenetik honantzako bidean zehazten joan dira. Funtsean, 97ko maiatzeko II. Topaketen ondorioetan eta Sarean Elkartearen estatutuetan (98ko maiatzean) bildurik agertzen denez, bi dira asmo nagusiak:

1. Ikastetxeen arteko harremanak sortu, daudenak indartu eta hedatu, eta sistemak dituen baliabide estrukturaletan eta gure Elkarteak garatuko dituen besteetan oinarritu.
2. Ikastetxeen eta Administrazioaren artean, maila desberdineko komunikazio bideak garatu, elkarrizketa eta negoziazio beste erakundeekin elkarlanean arituz.

Azaldutako bi helburu hauez gain, Topaketak zuzendaritza lana burutzen duten profesionalak harremanetan jartzeko eta beren esperientziak elkar trukatzeko aukera eskeintzen duten guneak dira. Hauetan finkatuko diren oinarriak beste eremu desberdinetara eraman ahal izango dira (zonaldeko bilerak, formakuntza ikastaroak) edota beste medioen bidez lantzen jarraituko dira (aldizkaria, Internet, e.a.)

Sintesian, Topaketek bi funtzio mota betetzen dute:

– Kanpo-komunikazioa eta ikastetxearen ordezkaritza.
– Zuzendaritza-funtzioaren garapen profesionala irakasleengan.

1.996ko maiatzatik hona sei Topaketa burutu dira, eta 97-98 ikasturtetik urtean bi, udazkenean eta udaberrian.

Lehenengo hirurak Zarautzen izan ziren, Monte Albertia egoitzan; laugarrena, Gasteizko Monte Hermoson, bosgarrena Donostiako Miramar Jauregian; eta 99ko maiatzeko azkena Bilbo Zaharreko La Bolsan.

Partaideen kopurua hasieratiko 40 pertsonengatik Donostian eta Bilbon bildutako 70ra igo da, eta hurrengoetan gorako joera mantentzea espero da.

Euskara dugu ohiko hizkuntza Topaketetan, izan ere ikastetxeetako zuzendaritzetan ere hauxe izaten da komunikazio tresna. Dena den, behar berezirik sortzen denean, kontutan hartzen da.

Gaiak, bi mailatakoak:

– Ikastetxe eta Administrazioaren arteko harremanetarako bitartekoak eta prozedurak, antolakuntza arazoak.
– Edukinak, zuzendaritza-kudeaketako arazo zehatzak. Landu berriak dira: admnistrariak, eskola-jangelak, obrak, informatika-ekipamenduak, Eskola Publikoaren kanpo irudia, lan taldeak, formakuntzaren antolaketa…

Lan-dinamika partehartzean oinarritzen da. Adituak, baliabide gisa, denboraren heren batean soilik erabili ohi dira. Iharduera nagusiak talde txikiko elkarrizketan du oinarria, hemen jasotakoak ostean talde nagusira eramango direlarik. Jarraikortasuna dago hasierako prestaketa alditik, non landu beharreko gaiak galdeketa bidez erabakitzen baitira, ondorio eta egin beharren proposamen bilketa aldiraino.

Ihardunaldiak lanaldi osoko egun batez (ostirala) eta bi lanaldi erdiz (ostegun arratsaldea eta larunbata goiza) osaturik geratu dira. Gaiak egunen arabera banatzen dira, ostiraleko lanaldia nagusiki zuzendaritza-kudeaketa gaietarako jasoz.

1. Barne lanak: formakuntza eta antolaketa.

II Topaketaken ondorioz koordinazio talde irekia sortu zen, zeinek hasierako partaide kopuruaren arabera Zortziko Taldea izena hartu baitzuen; gerora, arian ariko zabalkuntza bitarte, Zortziko Handia izenarekin geratuko zen. Hau, hilabetero elkartzen da. Topaketak antolatzea, aldizkariaz arduratzea eta Administrazioa eta beste solaskideekin harremanak sortu eta garatzea dira bere zereginak.

Duela gutxi, ekimen honi itxura formala ematearen beharra somatu zen, beharrezkoa zuen finantziazio bidea eskuratzeko, nagusiki. Horretarako, IV Topaketaken Sarean Elkartea eratu zen, zeini sortze unean 34 ikastetxe atxekitu baitzitzaizkion. Momentu honetan, kopuru hori bikoiztu egin da, 80 ikastetxe desberdineko kideak bilduz.

2. Kanpo lanak: komunikazioa eta solaskidetza.

PUBLINET ALDIZKARIA

1.996ko ekainatik gaurdaino, hamairu zenbaki argitaratu dira; Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak, PAT, Ikuskaritza eta Hezkuntza Saileko bulego nagusien artean 500 ale banatzen dira postaz. Hala zonaldeetatik igortzen diren berri edo proposamenak, nola kolaborazio anitz jasotzen dira. Topaketaken ondorioak prestatu eta barreiatzeko erabilgarri da.

SAILAREKIN ETA BESTE GIZARTE-ERAGILEEKIN HARREMANAK

Hezkuntza Sailak Sarean Elkartea solaskidetzat hartuta dauka; sailburuorde den Unzeta jaunarekin, zein III eta IV Topaketaketan izan baita, zortzi bilera gauzatu dira.

1.998ko ekainean Gurasoen Elkarteen Federazioarekin eta sektoreko sindikatuekin aurkezpen bilerak burutu dira; harrera baikorra izan da, hainbat ekimenetan elkarkidetzarako eremuak zabalduz. Geroago, V. Topaketetan mahainguruan parte hartu zuten, eta handik aurrera harreman sistematikoan hasi gara, ikastetxeen gestio-lanak eztabaidatzeko.

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, zure baimena ematen duzu aipatutako cookie-ak onartzeko eta gure cookie politikaren onarpena, egin klik cookien politika estekan informazio gehiago izateko.
 
ADOS

Aviso de cookies